Zine-programazioaren berri ematen duen estreinako agenda kalean da
Udal kultura sailak aurkeztu du Ermua Antzokian proiektatuko den zine-programazioaren berri zehatza emango duen agenda berria. Lehenengo agenda horrek datozen bost asteetan zehar ikusi ahal izango ditugun filmen berri ematen du. Agendak herrian izango dugun eskaintza osoa barne hartzen du: zine komertziala, zine-klubeko saioak nahiz haurrentzako filmak. Agiriak otsaila honetako azken asteburuko eta martxoko asteetarako aurreikusi eta programatu den emanaldien egutegia dakar, tituluak eta ordutegiak zehazten dituelarik. Bertan, zine komertzialeko nahiz zine-klubeko saioetan emango diren filmen sinopsia jasotzen da.Lehen agenda honetan jaso ez den aldaketatxo bat dago. Arratsaldez, zine komertzialeko eta helduentzako proiekzioak arratsaldeko zazpi eta erdietan izango dira, zazpiretan izan ordez, eta bigarrena, gaueko hamarretan.
Hileroko bonoen salmenta hasita dago eta Lobianon eros daiteke
Herrian bertan zineaz gozatu nahi duten guztiek aukera izan dezaten helburua duen bonoa saltzen hasi zen udal kultura saila astelehenean. Hilero bonu bat jarriko du salgai eta horrekin aste bakoitzeko hiru emanaldietara sartu ahal izango da, zine-klubekora eta helduen zine komertzialeko bietara. Bonuaren prezioa hilabeteak dituen asteen araberakoa izango da. Nolanahi ere, gauzarik azpimarragarriena bonu erosleek programaturiko filma bakoitza ikusiz gero, euro 1 ordainduko dutela da.
Lehenengo bono horrek 16 euro kostatzen ditu, martxoaren asteetako filmez gain, otsaileko azken asteburukoak ere barne izango dituelako. Bonu hori astelehenetik salgai dago, Lobianon bertan. Bonu hori transferigarri izango da, erosleak nahi duen pertsonari utzi ahal izango diolarik joaterik ez badu. Hilero 1500 bi orriko argitaratuko dira programazioaren berri emateko, pertsona oro eta batez ere zaleek jakinaren gainean egon daitezen.
Antzokiko aretoan ezin izango da jan ez eta edan ere
Azkenik, kultura sailak gogorarazi nahi digu Ermua Antzokiaren aretoan ezin izango dugula jakirik –litxarkeriarik barne- jan, ez eta edaririk edan ere ez. Hori horrela izango da filma emanaldietan eta gainerako ikuskizunetan ere.
Lotutako albisteak

‘Itoiz, Udako sesioak’ eta ‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ filmek osatzen dute zinema eskaintza

Datorren larunbatean, arratsaldeko 5etan, euskaraz. Sarrerak 4 euro balio du

Emanaldia ostiralean izango da, 20:30ean, euskara hutsean