IAT azterketa Ermuan pasa ahal izango ziklomotoreen jabeok
Bi eta lau gurpileko ziklomotoreen jabeek Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) Ermuan bertan pasa ahal izango dute ekainean, nahi izanez gero behintzat. Itelink, S.A enpresak estazio mugikorra eta mekanikaria herrira ekarriko ditu datorren ekainaren 9ko ostegunean, enpresaren eta udalaren artean horrela adostu baitute. Estazio hori udalaren Izarra eraikinaren pabilioi batean jarriko da, herritik BI-3302 errepidetik Mallabirako bidearen ertzean, Aritzmendi pilotalekua pasa eta gero. Iazko urtean Ermua, Eibar eta Mallabiko hogeita hamar pertsonatik gora pasa zuten derrigorrezkoa den IATa Ermuan, estazio mugikorra aprobetxatuz.
Estazio horretatik pasa ahal izango dira aldez aurretik hitzordua hartzen duten guztiek. Hitzordua Udaltzaingoan hartu behar da, maiatzaren 23ko astelehenetik aurrera udaletxeko bulegoetara bertara joanda, edo erosoago 943 17 90 10 telefonora deituz gero. Azterketak, egun horretako goizean zehar egingo dira, 9:15etatik 14:15etara bitarteko ordutegian.
Bi eta lau gurpileko ziklomotorren joan-etorriak horiek kokatuta dauden udalerrira mugatu ohi dira gehienetan, eta gainera ibilgailu horiek bide azkarretatik zirkulatzeko mugak izaten dituzte, abiadura mugatua baitute. Hori guztia kontutan hartuta, estazio mugikorrez baliatzea erabaki da, estazio finkoetatik urrun dauden herrietara iritsi ahal izateko eta jabeei erraztasunak emateko. Bizkaiko IATko enpresa gertuena ermuarrok Zornotzan dugu eta, Gipuzkoa aukeratuz gero, Bergaran hain zuzen ere.
Udal honek eskutitza prestatu du, horren guztiaren berri emanez eta herriko iragarki-oholetan jarriko du. Horrez gain, hedabideei ere bidaliko zaie. Guk orriari lotura egin diogu zuoi eskaintzeko, beheko lasterbideaz baliaturik.
Lotutako albisteak

Zerbitzu gehienek ordutegiak moldatuko dituzte datozen jai-egunak tarteko, eta ostiral honetan 12:00etan etengo dute jarduna

Hilabete batean 9 txartel erretiratu dira Ermuan, hainbat irregulartasun izan direlako tartean

Herritarren Segurtasunak bi motor erosi berri ditu, %100eko flota jasangarri baterako trantsizioa osatuz