Berano-Errekaldeko igerilekua gaurdanik zabalik dago bainurako
Udal zerbitzuek Berano-errekalde auzorako bidean dagoen eta errekastoaren izena daraman aire zabaleko igerileku naturala zabaldu dute. Igerilekua eguerditik zabalik dago, udal brigadako langileak egokitze lanak amaitu eta urez bete eta gero. Instalazioa erabiltzeko prest egongo da asteko egun guztietan datorren iraileko 4ra bitartean. Asteko zazpi egunetan zabalik egongo dela diogu, eguraldia lagun izanez gero eta meteorologia fenomenoak erabilera hori baldintzatzen ez badute behintzat.
Sorospen eta salbamendu zerbitzua ‘Deosan kirol zerbitzuko’ enpresari esleitu izan zaio aurtengo denboraldirako. Enpresaren bi langile bainua hartzera joaten direnen segurtasunaz arduratuko dira, eguneko eguerditik arratsaldeko zazpietara bitartean.
Enpresa hori udal kiroldegian sorosle lanak egiten duen berbera da. Igerilekuak sakonera ezberdina du, gutxieneko lekuan 20 zentimetro izanik eta gehienengoan 200 zentimetrora arte iritsiz. Errekaldeko igerilekuan honako azpiegiturak daude: komun kimikoa, aldagela bi, hainbat paperontzi, iturria, erretokiak , mahai eta jarlekuak. Udal brigadak herritarren laguntza eskatu du eta, batez ere, erabiltzaileena ‘instalazioa eta bere osagarriak denboraldian zehar egokiro mantendu eta errespetatzeko, guztiok behar bezala izan ditzagun’.
Lotutako albisteak

Zerbitzu-alorrak arrapala eta igogailuetan ditugun gorabeheren eta horiek konpontzeko aurreikusitako epeen berri eman du

Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek Gorlizko berreskuratze-zentrora eraman dute animalia

Gure herrian dauden 8.258 motordun ibilgailuen titularrek apirilaren 17tik maiatzaren 17ra izango dugu borondatez ordaintzeko epea