Trafikoko zehapen-prozeduraren aldaketak (1ngo zatia)
Automobilen parkea izugarri handitzearen eta gure herriko bide-bilbearen ezaugarrien ondorioz, zirkulazioa eta aparkamendua dira ibilgailuen eta oinezkoen bizikidetzarako arazorik handienetakoak, azken hamar urteotan inguruko beste herri batzuetan ere -eta are larriago oraindik- gertatu izan den moduan.
Duela gutxira arte arazo handiegirik gabe bizi izan gara elkarrekin gidari eta oinezkoak, baina gure kaleetan zehar dabilen ibilgailu kopurua izugarri handitu da, eta, zoritxarrez, auto eta oinezkook ez gara elkarrekin lahar ondo konpontzen.
Zirkulazioaren fenomenoak aurrerapena, azkartasuna eta erosotasunarekin batera, arazoak ere ekarri dizkigu. Egun herri barruan trafikoaren zailtasunak handiagoak dira, gero eta gehiago erabiltzen delako autoa edozein desplazamendutarako, nahiz eta hirigunetik auzoetara dauden distantziak txikiak izan.
Udaltzaingoak prebentziorako eta trafikoko arau-hausteak zuzentzeko egiten duen lana alde batera utzita, gizabide, edukazio eta besteekiko errespetuzko arazo bat daukagu aurrean, trafikoko arauak betetzea guztioi dagokigun gizabide-eginkizun bat delako.
Arau horiek errespetatzen ez direnean zigorrak eta edukazioa oso garrantzitsuak dira arau-hausteak zuzentzeari begira.
Udaltzaingoak informazio-orri bat prestatu du herritarrentzat
Auto-gidariei partikularrean, eta Herritar guztiei orokorrean, Trafikoari Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen erreformak dakartzan aldaketarik garrantzitsuenak jakitera emateko, Udaltzaingoak informazio-orri bat prestatu du herritarrentzat. Berori eskuragarri dago udal web-aren egoitza elektronikoan, “Udal Tramiteak” menuan sartu, “Trafikoa eta Herritarren Segurtasuna” atalean “Trafikoko Zigorrak” izenburupean.
Aipaturiko aldaketa horiek oso garrantzitsuak direnez gero eta herritarrei horien edukiaren berri xedea emateko, trafikoko lehengo zehapen-prozedurak zeuzkan arazo nagusiak konpontzeko printzipio orokor batzuk biltzen dira honako idatzi honetan, eta gero, beste bigarren idatzi baten, hemen bertan otsailaren 3an argitaratuko dena, Ermuan trafikoko arauak hausteagatik salatutako pertsonei nola aplikatuko zaien zehapen-prozedura azalduko da.
Puntukako zirkulazio-baimena arautzeko legea indarrean sartu zenean gure herriko bide-antolamendu juridikoak garai berri bati ekin zion eta horrek aldaketa handia ekarri du auto-gidarien jokabidean, gure errepideetan hiltzen den pertsona kopurua dezente murriztuz.
Nolanahi ere, garai hartan ez zen zehapen-prozeduraren arazo handienak konpontzeko modua aztertu. Lehenengoa, denboran zuen luzamendua, inolako beharrik gabe hilabeteetan zehar luzatzea suposatzen zuena, nahiz eta arau-hausleak auzitan aritzeko asmorik ez izan.
Bigarrena, gidarien ziurgabetasuna, arau-hausteak ibilgailua geldiarazi gabe detektatzeko baliabideak erabiltzen zirenean ez baitzuten jakiten zehapen-prozedurarik irekita zegoen ala ez beraien kontra, edo zigorren jakinarazpen-sistemak zituen hutsuneak.
Orain egungo garaietara egokitu nahi da jakinarazpen sistema
Orain egungo garaietara egokitu nahi da jakinarazpenetarako sistema, zeren jakinarazpenak aldizkari ofizialean argitaratzeak jakinarazpena egin izanaren berme formala eskaintzen badu ere, ez du dagokion pertsonak bere kontrako prozeduren berri edukitzearen berme material edo eraginkorrik ematen.
Arazo hori konpontzeko Bide Helbide Elektronikoa (DEV) eta Trafikoko Zehapenen Ediktu Taula (TESTRA) formatu digitalean sortzea erabaki da.
Hirugarrenik, derrigorrezkoa zen ibilgailuaren gidaria arau-haustea egiteko momentuan identifikatu ezin zen kasuetarako, erantzukizunen sistema bat egokitasunez egituratzea.
Arazo horiek guztiak aztertu dira Trafikoari buruzko Legea aldatzean, arau-hauste eta zigorrei beste idazkera bat ematearekin batera, zehaztu egin baita ezarri beharreko isunen munta, salatutako pertsonari arau-hauste bakoitzari dagozkion zigorren gainean segurtasuna emateko.
Orain arte isunen zenbatekoa trafiko gaietan aginpidea zuen administrazio bakoitzaren gauza izan da, eta ondorioz pertsona batek zigor ezberdinak izan zitzakeen arau-hauste berberarengatik, berori egindako lurralde eta administrazio eskudunaren arabera.
Egoera guztiz deigarria zen arau-haustea abiadura-mugak gainditzea bazen, trafiko gaietako administrazio eskudun bakoitzak zigor-taula ezberdina zuelako.
Arau-hauste arinak 100 eurora bitarteko isunez zigortuko dira; larriak 200 eurora artekoez eta oso larriak 500 eurora artekoez
Une honetan isunen zenbatekoa kopuru zehatz baten finkatu da, arauan espresuki aipatzen diren inguruabar bereziak gertatzen direnerako salbu.
Horrela, bada, arau-hauste arinak 100 eurora bitarteko isunez zigortuko dira; larriak 200 eurora artekoez eta oso larriak 500 eurora artekoez.
Era horretan, zigortua den pertsonak ondo jakingo du zein diren bere jokabide arau-hauslearen ondorioak, dena dela zigortzeko aginpidea gauzatzen duen administrazioa.
Beste berrikuntza bat zehapen-prozedura laburtua ezarri izana da; isunaren munta %50eko beherapenaz ordaintzeko aukera eskaintzen zaio araua hautsi duenari, berori jakinarazi eta hurrengo hogei egun naturaleko apean ordaintzen badu.
Salatutako pertsonak ez badu isunaren zenbatekoa epe horretan ordaintzen edo alegazioak aurkezten baditu, zehapen-prozedura arruntari jarraituko zaio, isunaren zenbatekoan murrizketarik izateko eskubiderik gabe.
Lotutako albisteak

Zerbitzu gehienek ordutegiak moldatuko dituzte datozen jai-egunak tarteko, eta ostiral honetan 12:00etan etengo dute jarduna

Hilabete batean 9 txartel erretiratu dira Ermuan, hainbat irregulartasun izan direlako tartean

Herritarren Segurtasunak bi motor erosi berri ditu, %100eko flota jasangarri baterako trantsizioa osatuz