Trafikoko zehapen-prozeduraren aldaketak (2. zatia)

10.02.12
Hiritarren Segurtasuna

Sarritan trafikoko arauak hausteagatik salatuak izan diren pertsonek isunak kudeatzen espezializatutako enpresen zerbitzuak erabiltzen dituzte, gero zehazpen-prozeduran aurkezteko alegazioak egin diezazkieten.

Gehienetan, alegazio horien edukietan ikus daitekeenez, azalpen orokor eta azalekoak erabiltzen dira eta ez datoz araua hautsi duen egintzarekin bat, eta aplikatzen den arauaren interpretazio guztiz okerrak dira batzuetan, alegatzailearen defentsa erabat mugatuz edo kaltetuz, alegazioak onartzen ez direnez kasu horietan, interesdunek ordaindu egin behar dituzte zigorrak, isunaren zenbateko ekonomikoa murriztuta ordaintzeko eskubiderik gabe.

Ondorioz, Udaltzaingoaren herritarrentzako informazio orrian trafikoko arauren bat hausteagatik salatutako pertsonari sortzen zaizkion galdera edo zalantza batzuk erantzuten dira, zehatz-mehatz ondorengoei dagokienean:

Udaltzainaren salaketak froga baten balioa izango du

Trafikoari buruzko Legeak honako printzipio orokorra ezartzen du: trafikoa zaintzeaz arduratzen diren udaltzainen salaketek salatutako gertaeren eta horien egileen fede emango dutela, kontrakoa frogatzen ez bada, eta salaketaren jakinarazpentzat hartuko direla.

Orain arte auto-gidarien defentsan espezializatutako enpresa batzuek Konstituzio Epaitegiak bere jurisprudentzian aitortzen duen errugabetasun printzipioa ustez urratzea alegatu dute ezarritako zigorra aurkaratzeko, baina gai horren inguruko Konstituzio Epaitegiaren jurisprudentziak berak argitzen du bere interpretazioaren hedadura: Konstituzioaren 24,2 artikuluan ezarritako errugabetasun printzipioa ez da indargabetzen informazio guztia eta legezko ohartarazpenak biltzen dituen salaketa bat dagoenean, zeren arau-hausleak hasiera hasieratik baitakizki bere aukera ezberdinak eta horien ondorioak, irekitako zehapen-prozeduran bere jarrerak defendatzeko.

Ondorioz, gaiari buruz sor daitekeen edozein zalantza argitzeko, gai honen inguruan ezarritako arauzko aurreikuspenetara egokitu dugu trafikoko arau-hausteen salaketa-orrien edukia.

Gainera, salatutako arau-hausteak dokumentatzeko eta instrukzioan beste egozketa-froga bat gehiago izan dadin, eta alegazioetan azaltzen diren argumentuak indargabetzeko, gertatutakoaren argazki bat egingo dute trafikoaren zaintzaz arduratzen diren udaltzainek.

Zehapen-prozeduraren hasiera

Trafikoaren zaintzaz arduratzen diren udaltzainen salaketa unean bertan jakinarazten zaionean salatutakoari, berori izango da ondorio orotarako zehapen-prozeduraren hasiera.

Hala ere, ondorengo egoeretan, aukera izango da geroago jakinarazteko ere:

  • a) Ibilgailua geldiaraztea zirkulazioarentzat arriskutsua izan daitekeen une baten egin behar denean jakinarazpena. Kasu horretan salaketa jakinaraztea eragotzi duten arrazoi zehatzak jasoko ditu udaltzainak.
  • b) ibilgailua aparkatuta eta gidaria bertan ez dagoenean.
  • c) Zigorra ezarri duen agintariak ibilgailua identifikatzen laguntzen duten irudiak hartu eta emateko baliabideen bitartez gertatutakoa jakin duenean.

Salatua izan den pertsonak salaketa-orria sinatu nahi ez badu, ba al du baliorik?

Bai. Ibilgailuaren gidariak salaketa-orria ez sinatzeko eskubidea du, nahiz eta berori sinatzeak ez duen esan nahi salatutako gertaera onartzen denik; berori jaso izanaren froga besterik ez da.

Dagokion pertsonak bere ibilgailuaren haizetakoan aurkitzen badu salaketa-orria, geroago bidaliko zaion salaketaren jakinarazpena hartu arte itxaron dezake.

Isuna etorri zait eta ez zidaten automobilaren haizetakoan inolako abisurik utzi

Nahiz eta kortesiazko ohitura den, salatutako pertsona une horretan bertan ez dagoenean edo salaketa-orria jasotzerik nahi ez duenean ez da nahitaezkoa salaketa-orria ibilgailuaren haizetakoan uztea.

Eskuan entregatu ez diren salaketak ibilgailuaren titularrari jakinarazten zaizkio eta arau-haustearen egilea bera bada, isuna ordaindu edo errekurritu egin beharko du, eta ez bada, araua hautsi zuen unean gidari zihoan pertsona identifikatu.

Kortesiazko abisua

Dagokien pertsonei ezarri zaizkien trafikoko zigorren edukia jakitera emateko Udaltzaingoak kortesiazko abisu bat utziko die postontzian, baina berori kortesiazkoa besterik ez da eta ez du, beraz, salaketaren jakinarazpen formal baten baliorik izango.

Abisu horren bitartez, trafikoko arau-hauste batengatik salatutako pertsonari, salaketaren jakinarazpena hartuko duela gaineko egun baten emango zaio jakitera, eta berori jasotzea edo ez jasotzea erabaki dezakeela.

Jaso ezean, Udaltzaingoa bigarrenez jakinarazten saiatuko da, baina bigarrenean ere jasotzen ez badu Trafikoko Zehapenen Ediktu Taulan argitaratuko da, zehapen prozedurari jarraipena emanez.

Zer da hobe? Trafikoko salaketa baten jakinarazpena jasotzea ala ez jasotzea?

Batzuetan, posta-zerbitzuko funtzionario bat trafikoko salaketa bat izan daitekeenaren jakinarazpena ekartzera etxera etortzen zaigunean berori ez jasotzea izaten da lehenengo erreakzioa, salaketa jarri duena gutaz “ahaztuko” delakoan-edo. Baina hobe da beti ere etxera bidaltzen diren trafikoko salaketen jakinarazpenak hartzea, Trafikoko Zehapenen Ediktu Taulan ez argitaratzeko. Kasu horretan jakinarazpenaren izapidea egintzat joko da, zehapen-prozedurari jarraipena emanez, eta isuna %50eko beherapenaz ordaintzeko aukera galtzeaz gain, %20ko gainkarguaz etor daiteke azkenean, administrazioak kontu korrontea enbargatzeraino.

Zergatik ematen da ezagutzera salaketa Trafikoko Zehapenen Ediktu Taulan?

Trafikoko zehapen bat jakinarazten bi aldiz saiatu bada Udala eta entregatzen den unean interesduna bere helbidean ez dagoelako jakinarazpena hartzen ez bada eta etxean dagoen beste norbaitek ere, bere nortasuna jasota utziz, hartu nahi ez badu, izapidea egintzat emango da, Trafikoko Zehapenen Ediktu Taulan argitaratuz jakinarazpena.

Interesduna helbidean dagoela ere lehenengo jakinarazpena hartzeari uko egiten badio, izapidea egintzat edukiko da, zehapen-prozedurari jarraipena emanez.

Era berean, pertsona interesduna berak adierazitako helbidean ezezaguna bada, Trafikoko Zehapenen Ediktu Taulan argitaratuko da jakinarazpena.

Trafikoko salaketa Trafikoko Zehapenen Ediktu Taulan (TESTRA) argitaratzen denean, jakinarazpenaren izapidea egintzat emango da, zehapen-prozedurari jarraipena emanez interesdunaren partaidetzarik gabe.

Salaketa-orrian ez zen puntu kenketarik aipatzen. Posible al da geroago puntuak kentzea?

Salaketa-orrian gertaera salatu besterik ez da egiten, horregatik baliteke zehapen-prozeduraren instrukzioan zigorraren kalifikazioa aldatzea, arin izatetik larri izatera adibidez, edo puntuak kendu beharra eta kopurua finkatzea, salaketa-orrian jasotako gertaera udaltzain salatzaileak hautsitzat jo dituen arauei egokitzen zaien ikusteko eta bertan jasotzen diren gainerako datuak kasuari aplikatu beharreko arauarekin bat datozela frogatzeko, organo instrukzio-egileak egin beharreko egiaztapenaren ondoren.

Kasu horretan salatutako pertsonak eskubidea du proposatutako ebazpen-proposamenaren jakinarazpena jasotzeko, hamabost eguneko epean gauza gehiago alegatu ahal izateko.

Derrigorrez identifikatu behar dut salatutako arau-haustea egin zenean ibilgailua nork gidatzen zuen?

Ibilgailu baten titularrak ibilgailua nork darabilen une oro jakiteaz gain, pertsona horrek ibilgailua gidatzeko baimen administratiborik daukan ala ez jakin beharko du.

Obligazio horren ondorioz ibilgailuaren arau-hausteren bat antzematen denean une hartan ibilgailua nork gidatzen zuen eman behar dio jakitera administrazioari

Arazorik ez izateko, ibilgailu baten titularrak bera titular den bitartean bere ibilgailua normalean gidatuko duen beste pertsonaren nortasuna eman diezaioke jakitera Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Erregistroari.

Arau-hauste bat egin duen ibilgailuaren titularrari arau-haustea egin zen uneko ibilgailuaren gidaria identifikatzeko eskatu eta egiazkotasunez identifikatzen ez badu, 500 euroko zigorra duen arau-hauste oso larria egingo du.

Zergatik etortzen zaizkit jada nirea ez den ibilgailu baten isunak?

Ibilgailuaren transferentzia behar bezala ez egiteagatik izan daiteke -saltzaile zein eroslearen betebeharra- edo ibilgailuaren titulartasun-aldaketa Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Erregistroari edo ibilgailuaren helbideko udalari behar bezala jakitera ez emateagatik.

Zergatik joaten zaizkit isunak beste helbide batera?

Trafiko-gaien inguruko jakinarazpenak behar den lekuan hartu ahal izateko, ibilgailuaren titularraren betebeharra da Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroan helbidea eguneratuta edukitzea. Hori horrela, helbidea aldatu ezkero gomendagarria da Trafikoko Zuzendaritzari lehenbailehen ezagutaraztea, eta bitartean, ahal izanez gero, gutunak lehengo helbidean jasotzea.

Zein da isuna ordaindu edo alegazioak aurkezteko epea?

Bai salaketa-orria berehala hartzen bada, bai arau-haustea geroago jakinarazten bada, hogei egun naturaleko epea egongo da isuna ordaintzeko edo, hala denean, alegazioak aurkeztu edo komenigarritzat jotzen diren frogak proposatzeko.

Zer abantaila dut isuna borondatezko epean ordaintzen badut?

Isuna, salaketa-orriaren dataren edo jakinarazpen-dataren biharamunetik aurrera hogei egun naturaleko borondatezko epean ordaintzen bada zehapen-prozedura amaitutzat emango da. Hona ondorioak:

a) %50eko beherapena isunaren zenbatekoan.

b) Ezingo da alegaziorik aurkeztu. Aurkeztuko balira, ez dira aintzat hartuko.

c) Ordainketa egiten den egunean amaituko da prozedura, berariazko ebazpenik eman beharrik gabe.

d) Administrazio-bidea amaitu egingo da; administrazioarekiko auzi jurisdikzioan errekurritu daiteke bakarrik.

e) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea ordainketa-egunaren biharamunean hasiko da.

f) Zigorra isuna ordaintzen den unetik aurrera irmoa izango da Administrazio-bidean, eta biharamunetik aurrera sortuko dira bere ondorioak.

g) Zigorra ez da Gidari eta Arau-hausleen Erregistroan aurrekari legez azalduko, arau-hauste larria izanda ere, puntu kenketarik suposatzen ez duenean.

Zigor guztiak ordain daitezke %50eko beherapenez?

Arau-hauste oso larri batzuen kasuan ez da zehapen-prozedura laburtua edo %50eko beherapenezkoa aplikatzerik izango.

Posible al da alegazioak egin zaizkion isun baten zenbatekoaren %50eko beherapena izatea?

Ez, alegazioak eginez gero zehapen-prozedura arruntari jarraituko zaio, eta prozedura horrek ezarritako azken isun-zigorraren zenbateko osoa ordaintzera behartzen du, beherapenik gabe.

Nola ordain dezaket zigorraren zenbatekoa?

Udaltzaingoaren bulegora bertaratuz, astelehenetik ostiralera –jaiegunetan izan ezik- 8etatik 15etara, bai eskudirutan bai kreditu txartelaren bitartez.

Internetez, etxetik bertatik, Udaletxera joan barik eta jende-ilara edo itxaronaldirik barik, Ermuko Udalaren egoitza elektronikoko ordainketa-pasabidea erabiliz ermua es>mipago.

Errekurtso bat aurkeztean geldiarazi egiten da betearazpen bidea?

Zehapen-prozedura isunaren zenbatekoa ordaindu gabe amaitzen denean bide-administratiboa agortu egingo da, baina erabakia jakinarazi eta ondorengo hogeita hamar egunak iragaiten direnean, derrigorrezko diru-bilketa prozeduraren bitartez betearazi ahal izango da zigorra.

Berraztertzeko errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeak ez du betearazpen bidea geldiaraziko, bide horretan ez baita gaiaren funtsa edo mamia eztabaidatzen.

Ba al du Udalak isun bat baino gehiago pilatzerik betearazpen bidean?

Bai. Indarrean dauden zorrak direnez gero, Udalak datara arte ordaindu gabe utzi diren guztiak pilatu ditzake, dena dela zorraren jatorria: isuna, zerga…

PFEZaren itzulketa atxiki didate isun baten zenbatekoa ez ordaintzeagatik. Isuna ordaintzen badut, gainontzeko kopurua itzuliko didate?

Bai. Zorraren konpentsazioa egiten da eta isunaren zenbatekoa Udalaren kutxan sartzen denean zorra askatu eta arau-hauslearen alde geratzen den gainontzeko kopurua itzuli egiten da.

Lotutako albisteak

Imagen
20.12.24
Gabonetako ordutegi bereziak udal instalazioetan

Zerbitzu gehienek ordutegiak moldatuko dituzte datozen jai-egunak tarteko, eta ostiral honetan 12:00etan etengo dute jarduna
Imagen
02.12.24
Mugikortasun urriko pertsonek aparkatzeko txartelak behar bezala erabiltzen dituztela kontrolatzeko kanpaina

Hilabete batean 9 txartel erretiratu dira Ermuan, hainbat irregulartasun izan direlako tartean
Imagen
26.11.24
Ermuko Udaltzaingoaren ibilgailu guztiak jada %100 elektrikoak dira

Herritarren Segurtasunak bi motor erosi berri ditu, %100eko flota jasangarri baterako trantsizioa osatuz