Stop Accidentes elkartearen erakusketa ibiltaria, irailean Ermuan
Stop Accidentes Euskadi elkartearen eskutik, “Peatón, no atravieses tu vida” erakusketa iritsiko da datorren irailean Ermura, eta izen bereko lehiaketan saritutako lanak ikusi ahal izango dira.
Irailaren 7an zabalduko ditu ateak erakusketak, eta udal liburutegiko hall-ean kokatuko da. Instalazioen ohiko ordutegian izango da ikusgai hilaren 22ra arte; gainera, 16tik 22ra Europako mugikortasunaren astearekin egingo du bat.
Geurera iritsiko den erakusketa ibiltariak hamabi irudi erakutsiko dizkigu. Stop Accidentesek antolatutako lehiaketan parte hartu dute argazki guztiek; helburua, herritar guztiak gogoetara bultzatzea eta bideko arazoen inguruan konponbidea bilatzea.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek eta Lagun Aro Fundazioak babestu dute lehiaketa, eta bi edizio ospatu dira jada. Azken horretan, xede nagusia oinezkoentzat edo txirrindularientzat arriskutsuak diren egoerak islatzea izan da, bai eurentzat, baita besteentzat ere. Kontuan hartu dira, era berean, hiri-altzariek, seinalizazio ezegokiak, azpiegiturek eta barrera arkitektonikoek eragindako arriskuak.
Kontzientziazio lana
Stop Accidentes Euskadi elkarteko ordezkarien arabera, guztion lana da gizarteari jakinaraztea arauak betetzea berebizikoa dela, eta heztearen eta kontzientziazioaren garrantziaz jabetzea; izan ere, denok gara lan horren parte, eta guztiok jarri dezakegu zerbait gure aldetik.
Lotutako albisteak

Zerbitzu gehienek ordutegiak moldatuko dituzte datozen jai-egunak tarteko, eta ostiral honetan 12:00etan etengo dute jarduna

Hilabete batean 9 txartel erretiratu dira Ermuan, hainbat irregulartasun izan direlako tartean

Herritarren Segurtasunak bi motor erosi berri ditu, %100eko flota jasangarri baterako trantsizioa osatuz