Norbere burua babesteko neurrien inguruko hitzaldia Lobianon
Ertzaintzaren Eibarko Ertzain-etxeko agenteek norbere burua babesteko eta segurtasunerako neurrien inguruko hitzaldia emango dute asteazkenean –abenduaren 14an- Ermuko Lobiano Kulturgunean. Ertzainek gomendagarri diren kontseiluak emango dizkigute herritarroi oro har eta edadetuei bereziki babesteko beharraz jabetu gaitezen eta neurriak har ditzagun portaletan lapurtuak ez izateko edota banketxera tramiteak egitera goazenean –kutxazainean nahiz leihatilan eskudirua atera edo sartzera, eta abar-. Eta baita maiz eta ziklikoki ezagutzen ditugun iruzur eta maulen inguruan nola jokatu behar duten, hainbatek bihotz oneko pertsonez aprobetxatzen baitira bide horiek erabilita, bereziki edadetuak badira.
Hitzaldia arratsaldeko 5etan izango da eta ikus-entzunezko materiala erabiliko da. Baliabide horri esker, irudi eta grafismoei esker didaktikoago izanen da, ulergarriago suerta dadin bertaratzen garen guztiontzat. Jarduera Gizarte Ongizateko zinegotzigoak antolatu du.
Ertzaintzak noizean behin antzerako jarduerak eta herritarrei zuzenduriko sentiberatasun kanpainak gauzatzen ditu –eskariei erantzunez edo horrelakoak maiz izaten direlako gizartean pizten den kezkari aurre egiteko-, kutxazain nahi aurrezki bulegoetan eragiketak egitera joaten garenean kontu izan behar dugula jabetzeko. Egitasmoak zenbait aholku erraz eta erabilgarri zabaldu nahi ditu erabiltzaileok kontzientzia gaitezen, pertsona ugarik, bereziki adinekoek, pairatzen dituzten lapurreta eta ebasketa kopurua gutxitzeko lagungarriak izan daitezkeelako.
Gomendagarri diren jarraibideen laburpena
Gure burua babeste aldera hartu ditzakegun hainbat neurrien artean ondokoak ditugu:
- Sukurtsalerako bidean edo irteterakoan inork ez gaituela jarraitzen ziurtatzea.
- Eragiketa bukatutakoan, inguruan gu kontrolatzen aritu den inor ez dagoela egiaztatu behar dugu. Edozein jarrera susmagarri ikusiz gero, edo norbaitek kontrolatu gaituela uste badugu, laguntza eskatu behar dugu Ertzaintzan, doako 112 telefono zenbakian.
- Banku entitateetara beti egun eta ordu berdinetan ez joatea.
- Hilabete osoko gastuetarako diru guztia aldi bakarrean ateratzea ez da segurua, are gutxiago egun seinalatuetan ateratzea, esaterako hileko lehen egunean edo soldata edo pentsioa kobratu ondoren.
- Bankura joz gero, beti senide edo konfiantzazko lagun batekin joatea komeni da, bereziki adineko pertsonek.
- Kutxazain automatikoen kasuan, entitate barrukoak erabiltzea komeni da, eta ez kalean daudenak, bereziki gauez, edo pertsona gutxi izaten diren tokietan edo orduetan.
- Oso garrantzitsua da ateratako dirua berehala gordetzea poltsa, patrika edo diru zorroko toki seguru batean; eta kalean edo besteen begien bistan dirua edo libretak esku artean erabiltzerik ez da batere komenigarri.
- Azkenik, edozein susmo izan edo lapurreta edo ebasketa baten biktima izanez gero, autorearen edo autoreen ezaugarri fisikoei eta arropei buruzko ahal bezainbeste datu gogoratzen saiatu behar dugu; segituan, Ertzaintzara deitu behar da, doako 112 telefono zenbakira.
Lotutako albisteak

Zerbitzu gehienek ordutegiak moldatuko dituzte datozen jai-egunak tarteko, eta ostiral honetan 12:00etan etengo dute jarduna

Hilabete batean 9 txartel erretiratu dira Ermuan, hainbat irregulartasun izan direlako tartean

Herritarren Segurtasunak bi motor erosi berri ditu, %100eko flota jasangarri baterako trantsizioa osatuz