Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Astearen edizio berri bat burutuko da Ermuan

17.03.17
Immigrazioa eta nazioarteko lankidetza

Astearte honetan, martxoak 21, Arraza-diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna ospatzen da. Hori dela eta, Ermuko Udalak hainbat ekintza burutuko ditu martxoaren 20tik 30era bitartean Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Astea izenburupean.

Klima aldaketak pertsonengan duen eraginak bultzatutako migrazioak izango ditu ardatz aurtengo edizioak. Izan ere, ingurumenak eragin nabarmena du migrazioen gainean, pertsonak hondamendi naturaletatik ihesi doazelako edota ingurumen baldintza zailak direla eta, beste leku batzuetara aukera bila joaten direlako. Aldaketa klimatikoa mundu osoko migrazioan eragina izaten ari da jada.

ACNURen datuen arabera, 2012. urtean 30 milioi pertsona baino gehiago desplazatu ziren hondamendi naturalen eraginez, eta aldaketa klimatikoaren eraginak indartsuagoak diren heinean, mugimenduak gora egin lezake. Egungo kalkuluen arabera, 25 milioitik 1000 milioira igo daiteke desplazatuen kopurua 2050. urterako.

Gaiaren inguruan gizartean eztabaida eta gogoeta eragiteko, honako ekintzen programa antolatu da:

  • Martxoaren 20tik 28ra: klima aldaketaren inguruko erakusketa eta saio didaktikoak.
    • Liburutegiko hallean Proyecto Clarity – Acción Educativa por el clima ekimenetik sortutako erakusketa kokatuko da. Helburua aldaketa klimatikoaren nondik norakoak, zergatia eta aurre egiteko moduak ezagutzea da. Alemaniako, Italiako, Espainiako eta Esloveniako teknikari talde batek sortu du erakusketa.
    • Erakusketa hori oinarri gisa hartuta, IES Ermua institutuko DBHko ikasleei saio didaktikoak eskainiko dizkie Imanol López Ingurumenean eta Jasangarritasunean aditua den geologoak. Lópezek esperientzia du ingurumenari buruzko hezkuntzan, eta ehun ikasle ingururi emango die hitzaldia.
  • Martxoak 23, osteguna: Zine forum saioa – Las damas azules.
    • Haurralde Fundazioak generoari eta ingurumenari buruzko zine foruma aurkezten du, ingurumenak generoaren gainean duen eraginari buruzko lanean oinarrituta. Las damas azules (Bérengére Sarrazin, Peru-Espainia, 2015) pelikula ikusi eta eztabaida egitea da proposamenaren helburua. 19:00etan hasiko da Lobiano Kultur Gunean.
  • Martxoak 27, astelehena: Zine forum saioa – Bring the sun home.
    • Haurralde Fundazioak antolatuta, saio honetan Bring the sun home (Chiara Andrich eta Giovanni Pellegrini, Italia, 2013) filma eskainiko da 19:00etatik aurrera Lobiano Kultur Gunean.
  • Martxoak 30, osteguna: Migrazioen eta klima aldaketaren inguruko hitzaldia.
    • Víctor Méndez, Migrazioen Nazioarteko Erakundeko kideak (OIM) herritarrei irekitako hitzaldia eskainiko du 18:30etik aurrera. Bizitzeko beste leku batzuk topatzeko ihes egin behar izan duten milioika pertsonarengan klima aldaketak izan duen eraginaren inguruan gogoeta piztea izango da helburua.

2017ko Arrazakeriaren aurkako Asteko kartela eta programa

Lotutako albisteak

Imagen
31.01.25
Palestinako herriari elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea

‘Ermua Palestinarekin’ ekimenak deituta, Israeli boikota egitea proposatzen du genozidioa geldi dezan
Imagen
19.12.24
Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatzeko festaren egoitza izango Ermua 2025ean

Beatriz Gamizek lekukoa hartu du Guardian aurten egindako galan eta datorren urteko abenduaren 18rako ekitaldia antolatzeko konpromisoa baita ere
Imagen
15.11.24
Emakumeak funtsezkoak dira Giza Eskubideen aldeko lanean

Horrela ondorioztatzen da "Herri Babesarearen" VI. foro ibiltariko sei aktibisten eskubideen urraketak beren lurraldeetan duen eraginari buruzko kontakizunetik