Ermuko tren geltokia zerbitzuz kanpo egongo da larunbat honetan
Euskal Trenbide Sareak autobus zerbitzua antolatuko du Zaldibarko eta Errotabarriko geralekuen artean
Ermuko tren geltoki berria eta ibilbidean saihesbidea eraikitzeko lanek aurrera jarraitzen dute, aurreikusitako martxan, eta abuztuko hilabete honetan zehar, proiektuan lanean ari den Aldi Baterako Enpresen Elkarteak (ABEE) aurrerapen handiak egin ahal izan ditu. Asteburu honetan bertan beste aurrerapauso bat emango da linearen behin-behineko desbideratzea martxan jartzean.
Tecsa, Campezo eta Geotunel enpresek osatzen duten ABEEak duela aste batzuk iragarri zuen abuztuaren 28tik, astelehena, irailaren 3ra, igandea, gauez ere lan egingo zutela 22:00etatik hasi eta 06:00ak arte.
Gainera, larunbat honetan, irailak 2, 07:00etatik aurrera, Ermuko tren geltokia zerbitzuz kanpo egongo da irailaren 3ko, igandea, 07:00ak arte. Tarte horretan, martxan jarriko da behin-behineko desbideratzea.
Horren ondorioz, aipatutako denbora tarte horretan, gure herriko erreferentziazko geralekua Errotabarri izango da. Hori horrela, Donostiarako noranzkoan doazen trenak Zaldibarren geldituko dira; bertan, autobus batek jasoko ditu bidaiariak, eta Ermuko Gipuzkoa Etorbidean utziko ditu, Errotabarriko geralekuaren aurrean. Modu berean, Bilborako noranzkoan doazen trenak Errotabarrin geldituko dira, bertan bidaiariek autobusa hartu eta Zaldibarrera joan daitezen bidaiarekin jarraitzeko.
Udaltzaingoak jada jarri ditu informazio kartelak autobusak geldituko diren gunean, hau da, Gipuzkoa Etorbideko 24 zenbakian, Errotabarriko geralekuaren aurrean.
Gogorarazten dizuegu, beraz, aldaketa hau larunbatean 07:00etan jarriko dela martxan eta igande goizeko 7ak arte izango dela indarrean. Denbora tarte horretan, Ermutik igarotzen diren tren guztiak Errotabarrin hasi edo amaituko dira, eta ez da zerbitzurik egongo geltoki nagusian.
Lotutako albisteak

Zerbitzu gehienek ordutegiak moldatuko dituzte datozen jai-egunak tarteko, eta ostiral honetan 12:00etan etengo dute jarduna

Hilabete batean 9 txartel erretiratu dira Ermuan, hainbat irregulartasun izan direlako tartean

Herritarren Segurtasunak bi motor erosi berri ditu, %100eko flota jasangarri baterako trantsizioa osatuz