Txirrindularitzarik onena Ermutik igaroko da larunbatean

04.04.18
Kirolak

Euskal Herriko Itzuliaren 58. edizioak aste honetan ekin dio bere bideari. Larunbat honetan, apirilak 7, lehiatuko da seigarren eta azkeneko etapa, Eibar-Arrate, 122 kilometro luzekoa, eta gure herria Itzuliaren amaiera jasotzeko prest izango da.

Etapa larunbatean 14:26an hasiko da Eibarren. Irteera neutralizatua 14:11n izango da Unzaga plazan, baina lasterketa ofizialki 14:26an hasiko da probintzien arteko mugan. Hori horrela, 14:28ak inguruan iritsiko dira txirrindulariak Ermura 634 errepidean barrena. Gipuzkoa Etorbidea igaro ostean, Kaltxangoko biribilgunean eskuinera egin eta Trabakua gainerako bidea hartuko dute kirolariek, eguneko lehen mendatea igo eta jarraian Iruzubieta eta Bolibar aldera joateko.

Etaparen profila

2018ko Itzuliko azkeneko etapa edizioko motzena da (122 kilometro), erlojupekoa kontuan izan gabe. Urrutitik erasoa jotzeko ibilbide aproposa du, motza baina ernagarria, eta igo behar diren zortzi mendateekin, Itzuliko jardunaldirik gogorrena izango da.

Izua eta Usartza mendateak, biak lehenengo mailakoak, edizioko ikusgarrienak izan daitezke, eta ohikoa den Arrateko igoeran 2018ko Itzuliaren amaiera erabaki daiteke.

Trafikoan eragozpenak

Txirrindulari lasterketa herritik igarotzeak trafikoari eragingo dio larunbat eguerdian zehar. Lasterketako antolakuntzak eta Ertzaintzak etaparako segurtasun eta kontrol dispositibo berezia prestatu dute, eta Udaltzaingoa Kaltxangoko biribilgunearen inguruan kokatuko da, lasterketari begira, gure herriko punturik konplexuena izango baita.

N-634 eta BI-2301 errepideak lasterketa iritsi baino lehenago itxiko dira, eta mozketa 15 minutu ingurukoa izango dela espero da, txirrindulariak eta autoak herritik igaro arte, zehazki.

Udaltzaingoak arriskutsuak izan daitezkeen gune guztiak egokitu eta zintaz itxiko ditu, hiritarrek ikuskizunaz gertutasunez eta segurtasunez gozatu dezaten.

Lotutako albisteak

Imagen
13.02.25
Julene Bouzok urrezko domina lortu, altuera-jauzian 23 urtez azpiko txapelketan

Atleta ermuarrak Estatuko Txapelketa absoluturako txartela lortu du, bere marka pertsonalik onena erregistratu ondoren
Imagen
06.02.25
Gure txartel birtualarekin herriko kirol-instalazioetara

Ermua Kirolak jada Betiondoko sistema prestatu du eta, martxotik aurrera, MA Blanco kiroldegira iritsiko dela aurreikusiz
Imagen
31.01.25
Aitor Hernandezek denboraldia itxi du, balantze positiboa eginez

Txirrindulariak bederatzi garaipen lortu ditu eta baita Euskadi eta Bizkaiko txapelketak ere