Barakaldoko CB Zuazorekin fitxatu eta eskubaloiaren Ohorezko Mailan jokatuko du Anne Erauskinek
Anne Erauskin Martinez ermuarra CB Zuazo taldearekin sinatu berri du eta datorren denboraldian Eskubaloiaren Ohorezko Mailan jokatuko du, Iberdrola Ligan. Hegalari ezkertiarra bizkiko lehen taldera doa “taldearen eskuineko banda indartzeko” elkarteak atzo arratsean webgunearen bidez ezagutarazi zuenez. Anne atzotik Granadan dago, Sierra Nevada, kirol-errendimendu handiko Zentroan Espainiako junior selekzioarekin bat, udan Hungarian jokatuko duen Mundu Txapelketa prestatzeko.
Erauskin orain arte eta gaztetatik Ermuko Errotabarri Eskubaloi Kirol Elkarteko jokalaria izan da, bertan hazi eta hezitakoa izan delarik kadeteetatik fitxa izanik. Lehenago, alebin eta infantiletan ikastolako taldean aritu izan zelarik. Azken hiru denboralditan bere jaioterriko senior taldean aritu izan da, Zilar Ohore Mailan (bigarrena). Atletico Basaurik mailari uko egin eta luzaturiko gonbitea hartu zuen orain hiru urte Errotabarrik, igoera fasean kale egin arren bertan izatea merezi zuela erakutsiz. Izan ere, ez baita kasualitatea izan hiru urtez jarraian mantentzea eta sailkapenaren lehen postuetan bukatzea. Lehen denboraldian 4. izan zen, iaz eta amaitu berri dugun liga erregularrean bosgarren postuari eutsi dioelarik aurtengoan ere.
Anne gaztea izan arren kalitate ugari duen kirolaria da, etengabe goraka doana eta Bizkaiko nahiz Euskadiko selekzioetan ibili izan dena. Internazionala izan da jubenil eta junior kategorietan, guztira 33 partidutan jantzi duelarik estatuko elastikoa. Bere ibilbidea eta prestakuntza hurbiletik jarraitu izan dute punta-puntako euskal talde hainbatek, bat baino gehiagoren deia ere jaso izan duelarik. Barakaldoko CB Zuazorekin datozen bi denboraldietarako kontratua hitzartu du, Sarriko fakultatean egiten ari dituen unibertsitateko ikasketekin bat egin dezakeelako, prestakuntza eta kirol zaletasuna uztartuaz, proiektu ilusio garria duen goi-mailako klubean.
Lotutako albisteak

Atleta ermuarrak Estatuko Txapelketa absoluturako txartela lortu du, bere marka pertsonalik onena erregistratu ondoren

Ermua Kirolak jada Betiondoko sistema prestatu du eta, martxotik aurrera, MA Blanco kiroldegira iritsiko dela aurreikusiz

Txirrindulariak bederatzi garaipen lortu ditu eta baita Euskadi eta Bizkaiko txapelketak ere