‘Jefe’ eta ‘Sicario: el día del soldado’ filmekin berrekingo dio Ermua Antzokiak zine programazioari
Udako atsedenaldiaren ostean, Ermua Antzokiak ohiko jarduerari heldu dio iraileko zine programazioaren eskutik. Hasi berri dugun hilabete honetan zehar zineklubeko 4 pelikula, 8 film komertzial eta haurrentzako 4 emisio eskainiko dira. Gainera, hilero bezala, zine bonoa eskuratzeko aukera izango da 15,6 euroren truke Lobiano Kultur Gunean eta Antzokiko leihatilan. Helduentzako eta zineklub saioetako filmak 1,3 euroren truke ikusteko aukera eskaintzen du bonoak; 3Dn dauden pelikulak ikusteko, baina, beste 2 euroko ordaindu beharko dira.
Hileko programazioa ostegun honetan, irailak 6, hasiko da zineklub saioan, Pau Durà zuzendariaren Formentera Lady filmaren eskutik. José Sacristán nekaezina da pelikula samur honetako protagonista, Jordi Sánchez eta Nora Navas aktoreekin batera. Samuel 70. hamarkada hippiean iritsi zen Formenterara, eta bertan jarraitzen du, argirik gabe bizitzen eta taberna batean banjoa jotzen. Egun batean, urte askoren ostean, Anna alabaren eta Marc bilobaren bisita jasoko du, eta azken hori zaintzen gelditu beharko du alaba Frantziara lanera doan bitartean. Nostalgia eta ardura uztartzen ditu Formentera Lady filmak, eta ostegunean 20:30ean izango da ikusgai.
Zine komertziala, bestalde, larunbatean hasiko da 19:30ean Sergio Barrejónek zuzendutako Jefe komedia espainiarraren eskutik. César mundu guztiak gorroto duen ohiko nagusi zapaltzailea da, baina egun batean, zorte onak ihes egingo dio: bere akzioek porrot egingo dute, lagunek albo batera utziko dute eta emazteak etxetik botako du. Ordutik aurrera, lagun bakarra izango du: Ariana, gaueko txandako garbitzailea. Dibertigarria, garratza eta kritikoa, Jefe igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere ikusi ahalko da.
Asteko bigarren film komertziala Sicario: el día del soldado estatubatuarra izango da, Stefano Sollimak zuzendua. AEBen eta Mexikoren arteko mugako narkotrafikoaren aurkako gerrak ez du legerik, ezta araurik ere. Estatu Batuetako agentzia federalek konponbide bakarra topatu dute arazoari aurre egiteko: kartelak euren artean aurrez aurre jartzea. Horretarako, ordea, legearen muga gainditu beharko dute. Tentsioa, indarkeria, erritmoa eta akzioa uztartzen ditu film hotz honek, eta Benicio del Toro, Josh Brolin eta Matthew Modine aktoreak ditu protagonista. Sicario: el día del soldado larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.
Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etan aurtengo pelikula arrakastatsuenetako bat izango dugu ikusgai: Jurassic World: El reino caído 3D, J.A. Bayonak zuzendua. Chris Pratt eta Bryce Dallas Howard dira dinosauroen sagako azken ataleko protagonistak. Bertan, sumendi baten erupzioak arriskuan jarriko ditu Nublar uhartean bizi diren azken dinosauroak. Claire Dearing Jurassic World parkeko zuzendari ohiak Owen Grady parkeko dinosauroen entrenatzaile ohiari laguntza eskatuko dio, dinosauroen desagerpena ekiditeko.
Informazio gehiagorako, kontsulta ezazu Ermua Antzokiaren orrialdea.
Lotutako albisteak

‘Itoiz, Udako sesioak’ eta ‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ filmek osatzen dute zinema eskaintza

Datorren larunbatean, arratsaldeko 5etan, euskaraz. Sarrerak 4 euro balio du

Emanaldia ostiralean izango da, 20:30ean, euskara hutsean