Denzel Washingtonen azken lana eta euskarazko animazioa, asteburu honetan Ermua Antzokian

19.09.18
Ermua Antzokia

Asteko zine programazio berriari ekingo dio Ermua Antzokiak ostegun honetan, irailak 20. Zineklub saioarekin hasiko da egitaraua, eta Laura Mora Ortegak zuzendutako Matar a Jesus pelikula kolonbiarra izango da ikusgai. Benetako gertaeretan oinarrituta dago filma, eta Gazteriaren saria jaso zuen iazko Donostiako Zinemaldian. Paulak 22 urte ditu, eta bere aita kalean nola hiltzen duten ikusi du. Kasuaren ikerketa ofiziala itxi egiten dute erantzunik gabe, baina Paulak hiltzailearen aurpegia ikusi zuen. Medellingo kaleak istorioko protagonista bilakatzen dira pelikula gordin eta gogor honetan. Matar a Jesus ostegunean 20:30ean eskainiko da.

Zine komertzialaren programazioa, bestalde, larunbatean 19:30ean hasiko da La número uno filmaren lehenengo emisioarekin. Tragikomedia frantses honek goi mailako exekutiboa den emakume baten borroka kontatzen du, gizonek kontrolatzen duten munduan boterea mantendu ahal izateko. Emmanuelle bere enpresako Batzorde Exekutiboan sartu da, baina gizonak nagusi diren inguru horretan, oztopo profesional nahiz pertsonalekin egingo du topo. Tonie Marshall zuzendariaren lan honek Emmanuele Devos du protagonista, eta boterearen argazki aparta aurkezten du. La número unok intriga, umore beltza eta emakumeen indarra uztartzen ditu. Larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean emitituko da filma.

Asteburuko bigarren film komertziala Antoine Fuquak zuzendutako The Equalizer 2 izango da; Denzel Washingtonen itzulera akziozko pelikuletara, hain zuzen. Robert McCall gobernuko agente ohi beteranoa da, eta bere kabuz aritzen da gaizkileen eta estorsionatzaileen aurka. Oraingoan, baina, bere sentimendu pertsonalei eragiten dien kasu bati egin beharko dio aurre, bere CIAko lankide ohia desagertu egin baita. Erritmo bizia eta akzio izugarria ditu pelikula honek, eta duen helburu bakarra erraz betetzen du: entretenitzea. The Equalizer 2 larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.

Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etan euskarazko animaziozko film bat eskainiko da: Luis eta estralurtarrak umorezko pelikula dibertigarria. Luisek estralurtar talde bitxi batekin bat egin beharko du bere azken xedea lortzeko: barnetegitik ihes egitea.

Informazio gehiago behar izanez gero, jo ezazu Ermua Antzokiaren mikrositera.

Lotutako albisteak

Imagen
18.02.25
Ermua Antzokiak ‘Maria Callas’ eta ‘Mikaela’ estreinuak proiektatuko ditu aste honetan

‘Itoiz, Udako sesioak’ eta ‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ filmek osatzen dute zinema eskaintza
Imagen
13.02.25
Haur eta gazteentzako 'Scrooge eta mamuak' antzezpena gozagai Antzokian

Datorren larunbatean, arratsaldeko 5etan, euskaraz. Sarrerak 4 euro balio du
Imagen
12.02.25