‘Las distancias’ eta ‘Book Club’ filmek emango diote hasiera urriko zine programazioari
Gustu eta adin guztietarako 16 pelikulak osatzen dute Ermua Antzokiko urriko zine programazioa. Agenda berria ostegun honetan abiatuko da, urriak 4, eta datozen asteetan, 4 zineklub saio, 8 film komertzial eta haurrentzako 4 emanaldiz gozatzeko aukera izango dugu.
Gainera, hilero bezala, zine komertzialera eta zineklubera sartzeko aukera ematen duen bonoa lortu dezakegu, filmeko 1,3 euroren truke. Bonoa Lobiano Kulturgunean eta Ermua Antzokiko leihatilan eskuratu daiteke, eta hil honetan 15,6 euroko salneurria izango du.
Zineklubarekin hasiko da, beraz, urriko zine programazioa, eta ostegun honetan Susana Nicchiarelli zuzendariaren Nico, 1988 film italiarra izango dugu ikusgai. Velvet Underground taldeko abeslari nagusi izan zen Christa Päffgen Nicoren inguruko biopic bat dugu eskuartean. Pelikula honetan, bere drogadikzioa, Ari seme bakarrarekin izandako historia, bere musika, letrak, Warholi inspirazioa emateko modua eta bere kontzertuak azalduko dira, baita bakarka hasitako ibilbideak eman zion bigarren bizitza ere. Nico, 1988 20:30ean hasiko da eta jatorrizko bertsioan azpitituluekin eskainiko da.
Zine komertzialari dagokionez, emanaldiak larunbatean hasiko dira Las distancias pelikula espainiarraren eskutik. Elena Trapék zuzendutako komedia dramatiko honek Alexandra Jiménez, Miki Esparbé, Isak Férriz, Bruno Sevilla eta María Ribera ditu protagonista. Olivia, Eloy, Guille eta Anna Berlinera joango dira euren lagun Comas bisitatzera, 35 urte betetzen baititu. Honek, ordea, ez die eurek espero bezalako harrera egingo, eta asteburuan zehar euren arteko kontraesanak agertuko dira, laguntasuna kolokan jarriz. Guztiek batera ikusiko dute denborak eta distantziak dena aldatu dezakela. Las distancias larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean emitituko da.
Asteko bigarren film komertziala Book Club izango da, Bill Holderman zuzendari estatubatuarraren azken lana. Jane Fonda, Diane Keaton, Candice Bergen eta Mary Steenburgen bezalako artista handiak ditu protagonista komedia honek. Betiko lau lagunek duela 30 urtetik hilero batzen den irakurketa taldea osatzen dute. Vivian (Jane Fonda) hotel bateko langilea da, eta ezkontzeko baztertu zuen gizonarekin topo egin du berriro ere; Diane (Keaton) duela gutxi alargun gelditu da, eta bere alabek eurekin Arizonara bizitzera joan dadin nahi dute; Sharon (Bergen) epailea da, eta duela 15 urte bere semearen aitarengandik banandu zenetik bakarrik dago; eta Carol (Steenburgen) denboraldi zaila igarotzen ari da. Bizitza ikusteko duten modua aldatu egingo da 50 Shades of Grey liburua irakurri ostean. Pelikula dibertigarri hau larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean izango da ikusgai.
Azkenik, igandeko haurrentzako zine saioari dagokionez, Miguel Ángel Lamatak zuzendutako Los Futbolísimos lana izango da ikusgai. Abenturaz betetako komedia honek ume talde bat du protagonista, eta euren futbol taldea salbatu asmoz, laguntasunez eta argitasunez gainditu beharreko mota guztietako arazoekin egingo dute topo. Soto Alto F.C. da taldearen izena, eta bertan jokatzen dute, besteak beste, Pakete, Camuñas, Angustias, Helena eta Tonik. Guztiek berebiziko helburu bakarra dute: datozen bi partiduak irabaztea guraso elkarteak taldea bertan behera utzi ez dezaten. Bigarren mailara jaisten badira, akabo taldea. Abentura honen emaitza, igandean 17:00etatik aurrera Ermua Antzokian.
Informazio gehiago behar izanez gero, jo ezazu Ermua Antzokiaren mikrositera.
Lotutako albisteak

‘Itoiz, Udako sesioak’ eta ‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ filmek osatzen dute zinema eskaintza

Datorren larunbatean, arratsaldeko 5etan, euskaraz. Sarrerak 4 euro balio du

Emanaldia ostiralean izango da, 20:30ean, euskara hutsean