Intriga txikiak eta antzerki asko ‘Smooking room’ lanaren eskutik
Ermua Antzokiko 2018ko kultur programazioa azken txanpan sartu da jada, eta helduentzako denboraldiko azken antzezlana izango dugu aste honetan. Smooking room da hautatutako lana, izen bereko pelikularen antzerkirako egokitzapena, eta ostiral honetan, abenduak 21, izango dugu ikusgai 22:15etik aurrera.
Enpresa amerikar baten Espainiako sukurtsalak indarrean jarri beharko du bulego barruan erretzeko debekua. Hemendik aurrera, laneko ordutegian erretzea nahi duten pertsonek kalera irten beharko dute. Gehienbat gizonezkoek osatzen duten bulego txiki honetako langileetako batek, Ramirezek, sinadura bilketa hasiko du enpresak erabiltzen ez duen gela bat erretzeko gela gisa egokitu dezan. Badirudi lankide guztiak ados daudela eta euren babesa izango duela, baina guztia ez da dirudien bezain erraza. Guztiek dute ezkutatzeko zerbait, eta intriga txikien mundu horrek eztanda egin eta biktimak eragingo ditu.
Roger Gualek zuzendutako lanak Carlos Chamarro, Secun de la Rosa, Pepe Ocio, Canco Rodriguez, Nico Romero eta Felipe Velez aktoreak izango ditu eszenatoki gainean 90 minutu inguruz.
Pasatu den urrian jakinarazi genuen moduan, Smoking room lanak Marta Hazas eta Unax Ugalde protagonista dituen Si no te hubiera conocido antzezlana ordezkatzen du, abenduaren 21erako programatuta zegoen arren, bertan behera gelditu baita.
Si no te hubiera conocido ikusteko erositako eta itzuli gabeko sarrerak onartu egingo dira Smoking room ikustera sartzeko. Bestela, 15 eurotan erosi ahalko dira txartelak ohiko salmenta puntuetan: Lobiano Kultur Gunean, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Ermua Antzokiko leihatilan.
Lotutako albisteak

‘Itoiz, Udako sesioak’ eta ‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ filmek osatzen dute zinema eskaintza

Datorren larunbatean, arratsaldeko 5etan, euskaraz. Sarrerak 4 euro balio du

Emanaldia ostiralean izango da, 20:30ean, euskara hutsean