‘La noche de 12 años’ eta ‘El amor menos pensado’ filmekin amaituko da 2018ko programazioa
Aste honetan zehar eskainiko diren azken lau pelikulekin agurtuko du Ermua Antzokiak 2018ko zine programazioa. Bihar osteguna hasiko da egitaraua zineklub saioaren eskutik; bertan, Tres caras film irandarra emitituko da. Irango emakume aktore ezagun batek neskato gazte baten bideo kezkagarria jasoko du, bere familia tradizionalarengandik ihes egiteko laguntza eskatuz. Orduan, bere lagun Jafar Panahi zine zuzendariarekin harremanetan jarriko da, bideoa manipulazioa ote den edo ez argitzen saiatzeko. Biek batera neskatoaren herrixkara bideari ekingo diote, ipar mendebaldeko mendietara, antzinako ohiturak oraindik nagusi diren zonaldera. 2018ko Canneseko Zine Jaialdian gidoi onenaren saria jaso du Tres caras pelikulak, eta ostegunean 20:30ean izango dugu ikusgai jatorrizko bertsioan azpitituluekin.
Zine komertziala larunbatean 19:30ean hasiko da La noche de 12 años pelikula uruguaiarrarekin. Antonio de la Torre, Chino Darin, Alfonso Tort eta Cesar Troncoso ditu protagonista Alvaro Brechnerrek zuzendutako filmak. 1973. urtea da, eta Uruguay diktadura militarraren menpean dago. Udazkeneko gau batean, bederatzi preso tupamaro euren ziegatik aterako dituzte isilpeko operazio militar batean. Agindua zehatza da: ezin izan genituenez akabatu, zoratu egingo ditugu. Horrela, hiru gizonek isolatuta igaroko dituzte 12 urte, ia denbora osoan burua estalita, lotuta, isilpean, euren oinarrizko beharrak galarazita, ezer jan gabe eta euren zentzumenak gutxiengora murriztuta. Horien artean zegoen Pepe Mujica, aurrerago herrialdeko presidentea izatera iritsiko zena. Benetako gertaeretan oinarritutako pelikula hau igandean ere emitituko da, 22:00etatik aurrera.
Asteburuko bigarren film komertziala beste zinta uruguaiar bat izango da, Juan Verak zuzendutako El amor menos pensado. Ricardo Darin eta Mercedes Moran dira amodiozko komedia honetako protagonistak. Marcos eta Ana 25 urte baino gehiagoz ezkonduta dagoen bikotea da, baina biak izatezko krisian sartuko dira eta azkenean banandu egingo dira. Hasieran, ezkongabe izatea zirraragarria eta aparta iruditzen zaie, baina berehala aspergarria izango da Anarentzat, eta beldurgarria Marcosentzat. El amor menos pensado larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean proiektatuko da.
Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etan hasiko da Animales Fantásticos 2: Los crímenes de Grindelwald 3D filma. Newt Scamander magizoologoaren magiazko munduko abenturak New Yorketik Erresuma Batura eta Parisera iritsiko dira. Europan, Gellert Grindelwalden mehatxuei aurre egin beharko die mago gazteak, Jacob Kowalski lagunarekin eta Tina eta Queenie ahizpekin batera. Grindelwald maltzurrak ihes egin du, eta zale amorratuak biltzen ari da bere ezkutuko asmoak betetzeko: magikoak ez diren izakien gainetik jartzea magoak.
Informazio gehiagorako, kontsulta ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

‘Itoiz, Udako sesioak’ eta ‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ filmek osatzen dute zinema eskaintza

Datorren larunbatean, arratsaldeko 5etan, euskaraz. Sarrerak 4 euro balio du

Emanaldia ostiralean izango da, 20:30ean, euskara hutsean