Puntu garbiak gehiago birziklatzen jarraitzeko
Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak kokatu ditu jada bi “minipuntu garbi” edo garbigune txikiak gure herrian. Asteazkenetik, urtarrilak 16, erabilgarri daude eta bertan utzi ditzakegu ohiko edukiontzietan utzi ezin diren material birziklagarriak, garbigunera joan behar izan gabe.
Edukiontzi berezi hauek herriko bi puntutan topatu daitezke: bata Diputazio kalean, Merkatu plazaren albo batean, eta bestea Izelaieta kaleko 21 zenbakian, San Antonioko okindegiaren aurrean, ermitatik hurbil.
Ekimen honen helburua herritarrei hondakinak uzteko erraztasunak ematea da, puntuak batuz eta gehiago birziklatuz, eta gainera, etxetik hurbil; izan ere, gaur egun hainbat material birziklatu ahal izateko garbigune batera gerturatu behar izaten da.
Zer birziklatu daiteke minipuntu garbietan?
Garbigune txikietako bakoitzak hamalau konpartimentu ditu: zortzi kutxa txiki eta sei ontzi handi. Kutxatila txikietan telefono mugikorrak, Cdak eta DVDak, bonbillak, aerosolak, bateria txikiak, pilak, telefono kargagailuak eta erradiografiak utzi daitezke, bakoitza bere lekuan, edukiontzian bertan markatzen den bezala.
Bestalde, 80 eta 120 litro arteko sei ontzi handietan honakoak bota daitezke:
- Kable elektrikoak eta txatarrako bolumen txikia
- Etxetresna elektriko txikiak, esaterako, lisaburdinak eta txigorgailuak
- Bigarren ontzi bat etxetresna elektriko txikientzat
- Ordenagailu eramangarriak, bideokontsolak eta bideojokoak
- Gehienez ere 10 litroko edukiera duten pintura ontziak
- Inprimagailu kartutxoak
Informazio gehiago behar izanez gero, kontsulta ezazu eskuorri hau.
Lotutako albisteak

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute

Mankomunitateak Ermuko gainerakoen frakzioan jasotako lagin bat ezaugarritu du ikasleen aurrean

Azaroaren 24ko igandean egingo da, goizeko 9etatik aurrera