‘Green Book’, hileko azkenengo zine komertzialeko protagonista

19.02.19
Ermua Antzokia

Otsaileko zine programazioa amaitzear dugu jada. Aste honetan lau pelikula berriz gozatzeko aukera izango dugu, eta datorren osteguneko saioarekin batera, hileko zine egitaraua bukatutzat emango dute. Ohi den bezala, zineklub saioarekin hasiko dugu astea; oraingoan, Entre dos aguas filma izango dugu ikusgai. Isra eta Cheíto bizitzan bide oso desberdinak hartu dituzten bi anaia dira. Israk kartzelatik irteten duenean eta Cheítok Marinako misio luze bat amaitzen duenean, biak Isla de San Fernandora itzultzen dira. Txikiak zirenean euren aita bortizki nola hil zuten oroituko dute anaiek batzen direnean. Euren bizitzari jarraitzeko eta euren buruari barkamena eskatzeko nahiak berriro batuko ditu. Isaki Lacuestak zuzendutako drama da Entre dos aguas, eta otsailaren 21ean ikusi ahalko dugu 20:30etik aurrera.

Programazio komertziala larunbatean 19:30ean hasiko da Sobre ruedas amodiozko komediaren lehenengo emisioarekin. Franck Dubosc zuzendariaren lanak Alexandra Lamy, Elsa Zylberstein eta Gerárd Darmon ditu protagonista, Dubosc berarekin batera. Jocelyn negozio gizon arrakastatsua da, andrezalea, eta etengabeko gezurti hutsa. Jada bere buruarekin aspertuta egon arren, emakume gazte eta lirain batekin ligatu nahian hasiko da, desgaitua dela esanez. Guztia aldatuko da, ordea, emakumeak bere ahizpa aurkezten dioenean, hura gurpil aulkian baitago. Sobre ruedas larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.

Asteko bigaren film komertziala Green Book izango da, Peter Farrellyk zuzendutako lan arrakastatsua. Viggo Mortensen eta Mahershala Ali ditu protagonista hegoaldeko drama honek, eta laguntasuna eta arrazakeria bezalako gai ezberdinak uztartzen ditu. 60. hamarkada da, eta Tony Lip Bronxeko italiar-amerikar petrala Don Shirley pianojole beltzaren txofer gisa kontratatu dute, artista Estatu Batuetako hegoaldean eskaini behar dituen kontzertuetara eramateko. “Liburu Berdea” begiratu beharko dute bidean, afroamerikarrentzat seguruak diren aterpetxeen gida, alegia. Arrazakeriari eta aurreiritziei aurre egin beharko dieten bi pertsona dira, ontasunak eta umoreak bat egingo dituena. Desberdintasunak alde batera utzi beharko dituzte bidaian biziraun eta ongi izateko. Oscar sarietarako bost izendapen lortu ditu filmak -tartean, Pelikula Onena, Aktore Onena (Mortensen) eta protagonista ez den Aktore Onena (Ali)-, eta ez du inor bere horretan utziko. Green Book larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.

Haurrentzako saioari dagokionez, igandean 17:00etan Asterix eta Edabe Magikoaren sekretua zinta dibertigarria izango dugu ikusgai. Zuhaitz batetik bestera mihura bila ari dela, halako batean, Panoramix druida lurrera erori da. Han etzanda hausnartzen hasi da. Orkatila bat bihurritu du, baina askoz okerragoa izan zitekeen! Berak ezin balu, nork prestatuko luke neurrigabeko indarra ematen duen edabe magiko garrantzitsua? Asterixek eta Obelixek lagunduta, Galia osoan zehar bidaiatuko du druida trebe baten bila, hari edabe magikoaren errezetaren sekretua helarazteko asmoz, bere herrixkaren etorkizuna ziurtatzearren.

Informazio gehiagorako, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
18.02.25
Ermua Antzokiak ‘Maria Callas’ eta ‘Mikaela’ estreinuak proiektatuko ditu aste honetan

‘Itoiz, Udako sesioak’ eta ‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ filmek osatzen dute zinema eskaintza
Imagen
13.02.25
Haur eta gazteentzako 'Scrooge eta mamuak' antzezpena gozagai Antzokian

Datorren larunbatean, arratsaldeko 5etan, euskaraz. Sarrerak 4 euro balio du
Imagen
12.02.25