Zoruak irrist ez egiteko tratamendua Erdikokalen
Lanak amaitu ostean, Zubiaurren eta San Pelaion ere tratamendu berbera emango da
Ermuko Udaleko Obra eta Zerbitzuetako Brigadako lan-taldea irrist ez egiteko tratamendua ematen hasi da, eskuz, Erdikokalen. Bart gauean hasi ziren lanak, eta ostiral goizerako amaituta egongo direla aurreikusten da.
Zoruaren itsaspena hobetzeko eta erorikoak eta irristatzeak ekiditeko ematen zaio tratamendua espaloiari. Horrela, gure kaleetatik igarotzen diren pertsonek izan dezaketen arriskua erabat murrizten da.
Erdikokaleko lanak amaitu ostean, tratamendu berdina emango zaie Zubiaurreko espaloiei, San Pelaio kalekoei -Eroskiko aterpean- eta oinezkoen pasabideei, oinez autemateko baldosa irristakorrak dituzten guztietan.
Segurtasun sistema
Tratamendua emateko mekanikari dagokionez, irrist ez egiteko likidoa zoruan zabaltzen da pulberizazioz, eta horrekin erreakzioa egin ostean, urarekin garbitzen da. Likidoak sortzen duen erreakzioak mikroporoak garbitzen ditu; izan ere, urteen poderioz, zikinkeriekin eta garbiketa makinen tratamenduekin oztopatuta gelditzen dira. Behin poroak askatuta, “bentosa efektua” sortzen dute, eta horri esker, itsaspena hobetzen da, bereziki, lurzorua bustita dagoenean.
Gure herrian erabiliko den irrist ez egiteko likidoa ez da kutsakorra, eta Europako, Estatuko eta Euskadiko lege araudiak betetzen ditu. Zehazki, lantokietako, dendetako eta aisialdi guneetako segurtasun baldintzak zehazten dituen 31/95 Legea, 486/1997 Errege Dekretua eta 89/654 Europar Zuzentaraua.
Segurtasun sistema berbera erabiltzen dute Iruñan, 2006tik, San Fermin jaietako entzierroen ibilbidean, eta ohikoa da kirol instalazioetan eta eraikin publikoetan erabiltzea. Bilbon, Donostian, Madrilen eta A Coruñan ere sistema berdina erabiltzen dute kaleetan.
Lotutako albisteak

Zerbitzu-alorrak arrapala eta igogailuetan ditugun gorabeheren eta horiek konpontzeko aurreikusitako epeen berri eman du

Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek Gorlizko berreskuratze-zentrora eraman dute animalia

Gure herrian dauden 8.258 motordun ibilgailuen titularrek apirilaren 17tik maiatzaren 17ra izango dugu borondatez ordaintzeko epea