Matxura Ongaraiko lehenengo arrapala mekanikoan
Ermuko Udaleko Hiria Alorrak Ongaraiko lehenengo arrapala mekanikoak izandako matxura baten berri eman du. Izan ere, instalazioaren goiko aldeko transmisio errodamendua apurtu da, eta matxura larria izanik, ezin izango da berehala konpondu.
Teknikari talde bat azpiegitura konpontzeko lanetan ari da astelehenetik, urriak 14, eta makina urriaren 25erako, ostirala, abian jartzea espero da.
Konponketa prozesu horretan, arrapalaren goiko zati guztia askatu behar da transmisio ardatza libre utzi arte. Jarraian, ardatza eta errodamenduak bere lekutik atera beharko dira, garabi kamioi baten laguntzaz, eta Bilboko tailer batera eramango dira konpontzeko. Han, errodamenduak aldatu eta ardatza zuzenduko dute, eta bueltan ekarri ostean, bere lekuan utziko dute berriro. Prozesu hori guztia amaitzean, berriro aparatu osoa muntatu, probatu eta, akatsik ematen ez badu, erabiltzeko prest utziko da.
Normalean bi aste inguru behar izaten dira prozesu osoa burutu ahal izateko, baina zerbitzu teknikoa denbora murrizten saiatuko da herritarrei eragindako kalteak ahalik eta gutxien izan daitezen.
Arrapala baranda batekin itxita dago, eta kartela kokatu da, erabiltzaileei zerbitzua matxuratuta dagoela gogorarazteko.
Lotutako albisteak

Zerbitzu-alorrak arrapala eta igogailuetan ditugun gorabeheren eta horiek konpontzeko aurreikusitako epeen berri eman du

Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek Gorlizko berreskuratze-zentrora eraman dute animalia

Gure herrian dauden 8.258 motordun ibilgailuen titularrek apirilaren 17tik maiatzaren 17ra izango dugu borondatez ordaintzeko epea