Ariketa fisikoa etxean, sasoian mantentzeko
Alarma egoera ezarri zenetik, osasun larrialdiko ezohiko testuingurua bizi dugu, eta etxeetan konfinamenduan egon beharko dugu aste batzuetan. Denboraldi batean etxetik atera ezin izan arren, oso garrantzitsua da kirola egiten jarraitzea, aktibo eta sasoian mantentzeko.
Horren harira, Udal Kirol Erakundeak (UKE) ikastarogile eta abonatu guztiei jakinarazi nahi die, zerbitzu publikoarekin duen konpromisoari jarraiki, kirol-langileak lanean ari direla, etxean egiteko moduko ariketa eta jarduera fisikoekin bideoak grabatzen. Material horien bitartez, norberaren egoera fisikoaren eta osasunaren galera saihestu nahi da.
BPXport enpresak, UKEko aretoko kirol zerbitzuak kudeatzen dituenak, web-plataforma bat sortu berri du. Bertan, askotariko jarduera koreografiatuak, funtzionalak, gimnasia leunak eta haurrekin egiteko jarduerak eta jolasak biltzen dira. Hori guztia etxetik atera gabe eta, kasu gehienetan, kirol material berezirik behar izan gabe egin daiteke.
Webguneak egun bakoitzean burutu ahal izateko ariketa proposamenak aurkezten ditu, baita diziplina ezberdinak lantzen diren bideo sorta zabala ere, gustukoen dugun ariketa aukeratu eta bideoari jarraiki gorputza astintzeko. Bideo guztiak kirol alorreko profesionalek sortu dituzte.
Plataforma etengabe eguneratzen da jarduera eta ariketa berriekin. Beraz, herritar guztiak aldian behin konektatzera animatu nahi ditugu, ohiturak aldatu, diziplina berriak probatu eta kirol praktika aberasteko.
Gainera, Udal Kirol Erakundearen Facebookeko orrialdean herriko instalazioetako begiraleek sortutako bideoak partekatuko dira, etxetik ere, kiroldegiko ikastaroak burutzen jarraitu ahal izateko.
Jarraitu ezazu gorputza eta burua trebatzen, hemen izango gaituzu laguntzeko. Animo, eutsi goiari!
Lotutako albisteak

Atleta ermuarrak Estatuko Txapelketa absoluturako txartela lortu du, bere marka pertsonalik onena erregistratu ondoren

Ermua Kirolak jada Betiondoko sistema prestatu du eta, martxotik aurrera, MA Blanco kiroldegira iritsiko dela aurreikusiz

Txirrindulariak bederatzi garaipen lortu ditu eta baita Euskadi eta Bizkaiko txapelketak ere