Matxurak herriko hiru arrapala eta eskailera mekanikotan
Ermuko Udaleko Hirigintza Sailak jakinarazi duenez, azken asteetan hainbat matxura izan dira udalerriko arrapala eta eskailera mekanikoetan, 2020. urtearen amaierako eta 2021. urtearen hasierako elurteen eta ondorengo izozteen ondorioz.
Honakoak dira eguraldi txarraren ondorioz kaltetu eta zerbitzuz kanpo geratu diren instalazioak:
-Orbe Kardinala plazako arrapala. Prezipitazioen ondorioz – elurra, euriak eta ekaitzak –, arrapalaren aginte-koadroko termikoetako batek jauzi egin zuen. Elementu honek arrapalaren zuloan instalatutako xukatze-ponpa elikatzen du, eta, beraz, ponpak funtzionatzeari utzi zionean, putzua urez bete zen. Hori dela eta, koadro elektrikoaren mekanismoak kaltetu egin dira eta arrapalak funtzionatzeari utzi dio. Instalazioen mantentze-lanez arduratzen den enpresa beste aginte-koadro bat eraikitzen ari da, zaharretik ezin izan baitute ezer berrerabili. Konponketa amaitzeko elementuren bat falta bada ere, arrapala urtarrilaren 26rako martxan egotea espero da.
-Iparragirreko eskailera mekanikoa. Izozteen eta tenperatura baxuen ondorioz, makina gogortuta geratu da, eta abiarazten saiatzean, abiatze-motorraren ardatza indarrez tolestu da, deformatuz eta eskailerak gripatuz. Ardatza atera behar izan da mekanizatzeko eta berriro bere lekuan jartzeko. Atzo, osteguna, ThyssenKrupp enpresako langileak instalazioan lanean aritu ziren, baina ezin izan zuten martxan jarri, termikoak salto egiten baitzuen uneoro. Gaur, ostirala, eskaileran lanean jarraitzen dute, eta akatsa identifikatu ostean, instalazioa lehenbailehen martxan egotea espero dute.
-Zerukoako 4. eskailera. Azken asteetako izozteen ostean, makina gogortuta geratu zen, eta berrabiaraztean, esku bandetako bat hautsi egin zen. Elementua jada konponduta dago, eta eskailera berriro ere normaltasunez funtzionatzen ari da.
Gogorarazi nahi dizuegu konponketa horiez gain, udalerriko instalazio batzuen estaldurak ere aldatzen ari direla. Kontsultatu hemen lan horien inguruko informazio guztia.
Lotutako albisteak

Zerbitzuen alorrak hondatutako eta mantenua behar zuten 22 banku ordezkatu ditu, beste banku birziklatu eta jasangarriago berri batzuk ipiniz

Brigada lanean ari da 6-36 bitarteko zenbakien tartea ilunpetan mantentzen duen linea berrezartzeko

Alkatea eta Foru diputatua bildu egin dira gaur, bi gai horiez hitz egiteko