Komikiaren eta eleberri grafikoaren hiruhilekoa liburutegian
Bederatzigarren urtez jarraian, Ermuko Udal liburutegiak komikien eta eleberri grafikoen irakurzaletasuna sustatzeko programa jarri du martxan, literatura genero hori herritarren artean ezagutzera emateko.
Otsailean, martxoan eta apirilean burutuko diren hainbat ekintzek osatzen dute programa, eta publiko ezberdinei zuzenduta dago.
Gaztetxoentzat gomendioak eta tailerrak
Haurrek euren lehenengo komikiak txikitatik irakurri ditzatela errazteko, ikasturte hasieran adin tarteka sailkatutako gomendioen zerrenda luzatzen die Udal liburutegiak herriko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztiei. Horrela, irakasleek behar adina liburu eskatu ditzakete maileguan, ikasle guztiek gutxienez obra bat irakurri dezaten ikasturtean zehar.
Gomendioen zerrendan euskarazko eta gaztelerazko lanak daude. Lehenengoen artean, azpimarratzekoak dira David Chauvel eta Jerome Lereculeyren Serafin eta basoko animaliak eta Artur Laperlaren Superpatata, lehenengo irakurleentzat sortutako hamar abenturako bilduma, gazteleraz ere irakurri daitekeena. Gazteleraz, gehien eskatzen diren komikiak Tea Stiltonen El secreto de la isla de las ballenas eta El tesoro del barco vikingo, eta Aurelie Neyret y Joris Chamblainen Los diarios de Cereza bost zatiko bilduma dira.
Bestalde, martxoan zehar komikiak ilustratzeko tailerrak eskainiko dira Lehen Hezkuntzako 5. mailan eta Bigarren Hezkuntzako laugarrenean. Behin ikastaroak amaituta, eskolako komiki lehiaketaren hirugarren edizioa antolatuko da.
Bisitak, zozketak eta erakusketak
Helduentzako komiki irakurketa klubak gonbidatu berezia izango du apirileko saioan. Gregorio Muro Harriet egile eta zinema eta telebista gidoilaria taldekideekin bilduko da bere azken lanetako bati buruz hitz egiteko: Vergüenza y olvido, 1. El desastre.
Martxoaren 14tik 27ra, Lobiano Kultur Guneko erakusketa aretoan Euskal komikia 1975. urtetik – El cómic vasco desde 1975 bilduma izango da ikusgai, helduei, gazteei eta haurrei zuzendua.
Programa borobiltzeko, hilero, egileek eskainitako komikien zozketa egingo da, kanpainak irauten duen hiru hilabeteetan (otsaila, martxoa eta apirila) komikiak maileguan eramaten dituzten pertsona guztien artean.
1.900 titulu aukeran
Azken urteotan, liburutegia inbertsio handia egiten ari da komikiak erosi eta berritzeko, bilduma zabala eta eguneratua eskaintzeko, edozein erabiltzailek bere gustuekin bat datozen obrak aurki ditzan.
Horri esker, aleen eskaintza nabarmen handitu da; hain zuzen ere, udal liburutegiko egungo nobela grafikoen eta komikien bilduma 1.900 liburukoa da. Joan den 2021ean 238 lan berri sartu dira katalogoan, eta liburutegiko sarreran erakusmahai batek genero literario horren azken nobedadeak erakusten ditu.
Inbertsio horren eta irakurzaletasuna sustatzeko programen ondorioz, komikien mailegu-kopuruak gora egin du pixkanaka eta nabarmen azken urteotan. Aipatzekoa da 2021ean 653 ale mailegatu zitzaizkiela ikastetxeei, eta liburutegiko nobela grafikoen eta komikien maileguen guztizko kopurua 1.530ekoa izan dela. Zifra horrek gora egiten jarraitzen du urtez urte.
Lotutako albisteak

Lobiano Kulturgunean egingo da, arratseko 5 eta erdietatik aurrera

Hiruhilekoan komikien eta eleberri grafikoen irakurketa sustatuko

Liburutegiak "Mahai-joko, mahai-goxo" ekimenaren hirugarrena antolatu du eta izena emateko epea, otsailaren 7ra arte ireki