‘Komikia’: euskal komikigintzari buruzko erakusketa
Ermuko Udal liburutegiak Euskadiko komikigintzak azken 40 urteotan bizi izan duen bilakaera errepasatzen duen erakusketa dakar gure herrira. Liburutegiko komiki eta nobela grafikoen irakurketa sustatzeko duela zortzi urte hasitako programaren barruan kokatzen da ekimena.
Kike Infame ilustratzaileak eta Mikel Begoña gidoilariak komisariatutako erakusketak bineten munduan izan diren mugimenduak berrikusten ditu: aldizkarien boometik fanzineen agerpenera, egile komikitik atzerriko merkatuen konkistara. Trantsizioaren etorrerarekin euskal komikigintzak aldaketa uneak bizi izan zituen. Euskarazko lehen argitalpenak ireki zirenetik nobela grafikoa finkatu arte, ingurunea moldatu eta egokitu egin da bizi zen gizartearen errealitatera.
Erakusketa euskal komikigintzaren etapa ebolutiboak irudikatzen duten luma kartoizko 36 panelek osatzen dute. Erakusketaren parte dira, halaber, Juan Carlos Eguillorrek sortutako La Abuelita pertsonaiaren irudi bat eta Javier de Isusiren trokelatutako irudi bat luma kartoian.
Publiko guztientzako erakusketa hau Lobiano Kultur Guneko Erakusketa Aretoan izango da ikusgai, martxoaren 25era bitartean, 18:00etatik 20:00etara.
Jarduera horren osagarri gisa, Lehen Hezkuntzako ikastetxeei bisita gidatuak eta tailerrak eskaini zaizkie, ikasleek komikiaren mundua hobeto ezagutzeko aukera izan dezaten.
Lotutako albisteak

Lobiano Kulturgunean egingo da, arratseko 5 eta erdietatik aurrera

Hiruhilekoan komikien eta eleberri grafikoen irakurketa sustatuko

Liburutegiak "Mahai-joko, mahai-goxo" ekimenaren hirugarrena antolatu du eta izena emateko epea, otsailaren 7ra arte ireki