Euskaraldia: hitzez ekiteko garaia
Ekimenaren hasierako ekitaldi publikoa ostiral honetan izango da 19:00etan Orbe Kardinala plazan
Aste honetan abiatuko da Euskaraldiaren III. edizioa. Azaroaren 18an gure hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa masiboari ekingo dio gure herriak, eta aurreko edizioetan legez, parte hartze zabala aurreikusten da: dagoeneko 16 urtetik gorako ia 800 ermuarrek eman dute izena ahobizi edo belarriprest moduan.
Ekimenaren helburua euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin erabiltzea da, asko baitira ezagutzen dutenak baina ohitura faltagatik edota aurrean dutena euskalduna den ala ez ez jakiteagatik, ahal beste erabiltzen ez dutenak. Horrela, soinean eramango den identifikagarriaren bitartez, jakin ahal izango dugu gure solaskideak euskaraz hitz egiten edo ulertzen duen eta euskara erosoago erabiltzeari bidea eman ahalko diogu.
Horretaz gain, ariguneak ere identifikatuko dira, hau da, euskaraz lasai egiteko guneak, non beti ziurtatuko den euskara ulertzen duen pertsona bat dagoela eta zerbitzua euskaraz eman daitekeela. Hori da gure Udalaren kasua: erakundeak ekimenean parte hartuko du, eta ariguneak identifikatuz, herritar guztiei gonbitea luzatzen die administrazioarekin ere euskara erabiltzeko. Udala bezala, Ermuan 50 arigune sortu dira, aurreko edizioaren bikoitza. Euskaraz lasai non egiteko aukera badago!
Ekimena azaroaren 18an hasiko da eta abenduaren 2ra arte luzatuko da, hau da, Euskararen Egunaren bezperara arte. Ekimenaren hasierako ekitaldi publikoa ostegun honetan, azaroak 17, izango da 19:00etan Orbe Kardinala plazan. Antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte bertaratzeko, euskaraz egingo dugun gure harreman sarea indartuz.
Oraindik ere badago aukera izena emateko, aukeratu rola eta parte hartu!: https://izenematea.euskaraldia.eus/
Kontsultak izanez gero, idatzi Ermuko Euskaltzaleen Sarera: ermukoeuskaltzaleensarea@gmail.com
Lotutako albisteak

'Pintxolagun' osteguneko 19:30etan eta 'Gurasolagun' ostiraleko 17:15etan

Emanaldia ostiralean izango da, 20:30ean, euskara hutsean

Euskararen nazioarteko egunean egindako galan sariak banatu ziren