Izen-emateak zabalik "Liburuak familian" eta "Liburuez gozatu" haurrentzako irakurketa taldeetarako

Ermuko Udal liburutegiak haurrei eta euren familiei zuzendutako bi irakurketa talde berri antolatu ditu.
Lehenengoak Liburuak familian du izena, eta 3 eta 5 urte arteko haurrentzako jarduera ludiko eta didaktikoa da. Txikiek aita, ama edo tutorea izango dute alboan, eta helduek ere aktiboki parte hartuko dute saioetan. Ekimeneko protagonista liburua da, eta narrazioak, abestuak, jolasak eta poemak izango dira, besteak beste, saioetako ardatz nagusia. Haurrekin batera gerturatzen diren pertsona helduentzat interesgarria izango da haiekin batera irakurtzeko modu ezberdinak ikusi eta entzutea eta, azken finean, liburuak familian gozatzea.
Bigarren taldea Liburuez gozatu da, eta 6 eta 8 urte arteko haurrei eta haien aita, ama edo tutoreari zuzendutako irakurketa kluba da. Liburuak familian ekimenaren jarraipena da, eta irakurketaren mundura hurbiltzea du helburu. Saio bakoitzean hainbat liburu izango dira mintzagai, eta bertaratzen direnek liburuek eskaintzen dituzten aukera guztiak ezagutzeko eta eurekin gozatzeko parada izango dute. Haurrek beste partaide guztientzako kontalari izan ahalko dute, eta saioetan zehar liburuak gomendatuko dira.
Bi jarduerak, Liburuak familian eta Liburuez gozatu, hiru saiotan burutuko dira, hiru larunbatetan, Lobiano Kultur Gunean: urriaren 26an, azaroaren 20an eta abenduaren 21ean. Liburuak familian 11:00etatik 12:00etara izango da, eta jarraian, 12:15etik 13:15era, Liburuez gozatu. Bi ekimenak Lur Kortak dinamizatuko ditu.
Jarduerak doakoak dira, baina plaza kopurua mugatua denez, urriaren 23a baino lehen izena eman beharko da liburutegian bertan, 943 17 92 12 telefono zenbakian, WhatsApp bidez https://wa.me/34943179212 edo biblioteca@udalermua.net helbide elektronikora idatzita eta izen-abizenak, liburutegiko bazkide zenbakia, jaiotze-data, ikastetxea, telefonoa eta gurasoen posta elektronikoa zehaztuta.
Izen-emate eskaerek plaza kopurua gainditzen badute, tokiak zozketa bidez esleituko dira, eta lehentasuna izango dute Ermuan erroldatutakoek eta aurreko urtean haurrentzako irakurketa taldeetan parte hartu ez dutenek. Onartutako pertsonen zerrenda urriaren 24an argitaratuko da Udal webgunean, eta izena ematen duten pertsona guztiei helaraziko zaie e-posta bidez.
Lotutako albisteak

‘Itoiz, Udako sesioak’ eta ‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ filmek osatzen dute zinema eskaintza

Lobiano Kulturgunean egingo da, arratseko 5 eta erdietatik aurrera