"Mahai-joko mahai-goxo", adin guztientzako mahai-joko tailerra

15.10.24
Imagen
Partidas de ajedrez | Xake partidak
Udal Liburutegia
Kultura eta Gazteria
Jarduera urriaren 24an, osteguna, izango da 17:30etik 19:30era liburutegian

Datorren urriaren 24an Liburutegien Eguna ospatzen da, eta horren harira, Ermuko Udal Liburutegiak mahai-jokoekin lotutako "Mahai-joko mahai-goxo" ekimena antolatu du ohiko jarduera-egitarauaren baitan.

3 urtetik aurrerako adin guztietako pertsonek parte hartu ahal izango dute saio honetan, nahiz eta 15 urtetik beherakoek heldu batekin batera egin beharko duten. Jolas desberdinak ezagutaraztea eta familian edo lagun berriak eginez jolasten eta gozatzen ikastea du helburu jarduerak.

Mahai-jokoak edozein adinetako pertsonentzat gomendatzen dira, erabakiak hartzeko gaitasuna garatzen dutelako, sormena eta pentsamendu estrategikoa sustatzen dituztelako eta oztopoak buru argiz eta pazientziaz gainditzeko erronka egiten dutelako. Haurtzaroan, gainera, mahai-jokoek onura ugari izan ditzakete umeentzat: arauak ulertzen eta jarraitzen laguntzen diete, hitzezko adierazpena hobetzen, kontzentrazioarekin, sormenarekin, memoriarekin eta buru-arintasunarekin lotutako buru-trebetasunak garatzen, erabakiak hartzen ikasten eta pazientzia eta enpatia hobetzen.

Tailerra Odisea Elkarteak dinamizatuko du liburutegian bertan urriaren 24an, osteguna, 17:30etik 19:30era. Saio horretan, askotariko mahai-jolasetan aritzen ikasiko da, kooperazio-jokoetatik hasi eta karta-, lasterketa- edo puzzle-jokoetara. Eskura izango dira, besteak beste, Unicornio Destello (+3 urte), Animal sobre animal (+4 urte), Rhino Hero (+5 urte), Monza (+6 urte), Diamant The Mind eta Código secreto (+8 urte) eta Imagine (+12 urte).

Jarduera doakoa da baina lekuak mugatuak dira. Izen-ematea urriaren 21era arte bete daiteke liburutegian bertan, 943 17 92 12 telefonora deituta, WhatsApp bidez https://wa.me/34943179212 edo posta elektronikoz biblioteca@udalermua.net helbidean izen-abizenak, liburutegiko bazkide txartela, telefonoa eta helbide elektronikoa zehaztuz. 15 urtetik beherakoen kasuan, jaiotze-data eta ikastetxea ere aipatu beharko dira.

Eskaria dauden plaza kopurua baino handiagoa izatekotan, tokiak zozketaz esleituko dira eta Ermuan erroldatutakoek lehentasuna izango dute. Onartutakoen zerrenda urriaren 22an argitaratuko da Udal webgunean eta izena eman duten guztiei bidaliko zaie.

Lotutako albisteak

Imagen
18.02.25
Ermua Antzokiak ‘Maria Callas’ eta ‘Mikaela’ estreinuak proiektatuko ditu aste honetan

‘Itoiz, Udako sesioak’ eta ‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ filmek osatzen dute zinema eskaintza
Imagen
17.02.25
Larunbatean euskarazko ipuin kontatze saioa izango, ‘Arratsaldean kontu kontari’

Lobiano Kulturgunean egingo da, arratseko 5 eta erdietatik aurrera